XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauza huni haatik ohartuak gira denak: elizan azkar girela, gure fedearen goraki aipatzeko; bainan elizatik kanpo, zoin herabe eta zoin beldurti! Eta fedeak galdatzen daukuna gure urrats guzietan obratzeko, zoin nagi eta zoin ahul!.

Eta bizkitartean nun-nahi behar ginuke agertu fededun.

Ontsa pentsa-ta, gutaradino nola hedatu da fedea? Lekuko batzuen bidez.

Lehen lekukoak: Apostoluak, Jesus ikusi baitute hil-ondoan bizi, eta ezin sinetsizko gertakari hori ukatu baino nahiago izan baitute zernahi pairatu eta beren bizia eman.

Bainan orai ere badira lekukoak.

Baionako diosesan, gazte andana bati galde batzu egin baitiozkate beren fedeaz, huna gazte batek zer erran duen: Jainkoa kausitu dut apez kaputxin baten begietan.

Xuxen esplikatzeko ez nakike, bainan apez horrek hoin urus iduri du Jainkoarekin bizitzeaz, nun eni ere eman baitaut Jainkoaren hobeki ezagutzeko gutizia.

Denek behar dugu lekuko izan, bakotxak gure moldean.

Bai igandetan, bai astelegunetan.

Bota Kredo gure elizetan.

Bota Kredo bazter guzietan.

ZATOZTE ETA ZOAZTE

Ez, jauna: ez zaitut nik bortxatuko mezan ibiltzerat.

Adinetan zira, jakiteko zer egin behar duzun.

Zure kontzienzia baduzu, eta haren kontra jartzeko ez du nehork eskurik, ez zuhauk ez bestek.

Badakit elizako urratsak ez dituzula lazakeriaz edo alferkeriaz utziak, bainan barnagoko arrazoin batzuen gatik, gogoetak egin ondoan.

Eta bizkitartean, elgarrekin erabili ditugun solasetarik, ohartu naiz Ebanjelioa estimu handitan daukazula beti; eta naski iduritzen ere zaitzu Ebanjelioari hobeki jarraikitzen zirela, elizatik bazter egonez.

Zuk diozu Ebanjelioak lehen-lehenik galdatzen daukuna dela, mundu huntan zuzentasuna ezartzea, gizonaren dretxoen alde borrokan artzea, lehertuak direnak altxatzea, estekan direnak libratzea.

Hots, lur hau behar dugula berritu, eta osoki larre joana baita, errotik behar dugula irauli.

Gainerateko jestuak, komedia baten pare dauzkatzu.

Lurraren berritzaile eta iraultzaile behar duela izan girixtinoak, ba, egia duzu: sail horri lotzen ez dena, Ebanjeliotik urrun dabila; lur huntako eginbideri ihes egiten duena, ez ditake girixtino izan.